Zer da Ciencia Clip?

Ciencia Clip zientziari buruzko dibulgaziozko bideo lehiaketa da, Bigarren Hezkuntzako ikasleak diseinatzaile, ekoizle eta protagonista lanetan jartzen dituena. Zientzia eta teknologiarekiko interesa sustatzea da lehiaketaren helburua, baita gazteei beren sormena lantzeko aukera bat eskaintzea ere. Nola? Haientzako ezagunak diren tresnak erabiliz, Internetek eskaintzen dituenak, alegia.

Nork har dezake parte?

Ciencia Clip lehiaketaren edizio hau Iberiar Penintsulako, Balearretako, Kanarietako, Ceutako eta Melillako ikasleei zuzenduta dago. Zehazki, gurasoen edo tutoreen onespena duten DBHko, Batxilergoko eta LHko oinarrizko eta erdiko zikloetako ikasleei.

Ezin izango dute lehiaketan parte hartu Ciencia Clipeko aurreko edizioetan irabazleak izandako ikasleak.

Espainiatik kanpoko parte-hartzaileek euren bideoak inskriba ditzakete, baina haien parte-hartzeak ez luke saririk izango. Hala ere, lehiaketako epaimahaiak, gehienez ere, Espainiatik kanpoko partaideen hiru bideo saritzeko aukera izango du. Saridunek aipamen berezia izango lukete web orrian eta egiaztagiri bat eta liburu-sorta jasoko lukete.

Nola har daiteke parte?

Bi bide daude parte hartzeko; bakarka edo taldeka. Talde bakoitzean ezin izango dira 3 pertsona baino gehiago izan. Ikasle bakoitzak bideo bakarra aurkeztu ahal izango du.

Zeintzuk dira kategoriak?

Hiru kategoria daude:

  • S: DBHko 1. eta 2. mailako ikasleak.
  • M: DBHko 3. Eta 4. mailako eta LHko oinarrizko zikloko ikasleak.
  • L: Batxiler eta LHko erdi mailako ikasleak.

Zein motatako bideoak aurkez daitezke?

Hiru modalitate hauetako bideoak aurkez daitezke:

  • Esperimentuak: erakutsi esperimentu baten bidez zertan datzan fenomeno bat.
  • Ikerketak: plazaratu galdera zientifiko bat erantzuteko egindako ikerketa bat eta haren emaitzak.
  • Artistikoa: azaldu kontzeptu zientifiko bat irudien, musikaren, interpretazioaren edo umorearen bidez.

Bideoak YouTuber edo Animazio estilokoak izan daitezke.

Banaka edo taldeka aurkez daitezke (gehienez hiru kide).

Zer ezaugarri izan behar dituzte bideoek?

Bideoaren formatua eta gaia askeak dira. 3 eta 5 minutu bitarteko iraupena izan behar du. Espainiar Estatuko edozein hizkuntza ofizialetan edo ingelesez grabatu daiteke. Bideoaren protagonista izanez gero, kontuan izan lehiaketan izena emateko inprimakiaz gain guraso edo tutoreen idatzizko baimena ere aurkeztu beharko duzuela, zeuen irudia bideoan agertu ahal izateko.

Ez dira onartuko jarraian jasotzen diren ezaugarriak dauzkaten bideoak:

  • Hirugarren pertsonen jabetza industrial edo intelektual eskubideak urratzea.
  • Hirugarren pertsonen irudiak euren baimenik gabe erreproduzitzea, baldin eta irudian pertsona hori ezagutu badaiteke.
  • Antolatzaileen aburuz, gustu txarrekoak edo iraingarriak izatea.
  • Indarreko legediaren aurka egitea.
  • Eduki sexuala edo gorputz biluziak erakustea.
  • Aldarrikapen politikoak, adierazpen erlijiosoak edo arrazakeria zantzuak jasotzea.
  • Haur, gazte edo emakumeen babesaren, pertsonen ohore eskubidearen edo duintasunaren kontra egitea.
  • Hirugarren aldeen intimitatea inbaditu edo kaltetzea.
  • Edozein motatako delitu, irain edo indarkeria ekintzak erakutsi, eragin edo sustatzea.
  • Edozein software, hardware edota telekomunikazio ekipo eten, suntsitu, mugatu edo edozelan kaltetzen duten birusak edo beste edozein kode informatiko, fitxategi edo programa edukitzea.

Zeintzuk dira egin beharreko urratsak?

Hiru urrats erraz: bideoa grabatu eta editatu, YouTube edo Vimeo plataformetara igo eta, azkenik, lehiaketan izena eman.

YouTuben eta Vimeon ostatatutako bideoak publikoak izan behar dira, cienciaclip.naukas.com webgunean prestatzen den parte-hartzaileen zerrendan ikusgai egon daitezen.

Noiz aurkeztu behar dira bideoak?

Izena emateko eta bideoak aurkezteko epea martxoaren 1ean hasiko da eta maiatzaren 31n bukatuko da.

Nolakoa izango da irabazleen hautaketa-prozesua?

Deialdian jasotako oinarriak betetzen dituzten bideoak webgunean eskegi eta ikusgai jarriko dira ekainaren 6tik ekainaren 14ra. Ondoren, ekainaren 20etik uztailaren 3ra, bozketa irekiaren egingo da. Bideoek jasotako boto kopuruak epaimahaiaren balorazio-irizpideen herena osatuko du. Epaimahaiak uztailaren 4etik uztailaren 31ra aztertuko ditu bideoak eta irabazleen zerrenda jakitera emango du irailaren 1ean.

Nolakoa izango da hautaketa-prozesua?

EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako kideak, Naukas, Big Van eta Scenio taldekoak izango dira epaimahaikide. Uztailaren 4tik uztailaren 31ra bitartean irabazleen zerrenda osatu beharko du epaimahaiak eta irailaren 1ean emango dira ezagutzera kategoria bakoitzeko irabazleak.

Zer baloratuko da bideoetan?

Epaimahaiak, bideoak jasotako botoak kontuan izateaz gain, lana (lana eta ahalegina), aurkezpenaren sormena, originaltasuna, argitasuna eta erritmoa baloratuko ditu, baita eduki zientifikoaren zailtasuna eta kalitatea ere.

Zenbat sari emango dira?

Lau sari izango dira guztira. Lehenik, hiru sari banatuko dira, kategoria bakoitzeko bideo onenari bat (S, M eta L). (S kategoriako bideo onenari saria, M kategoriako bideo onenari saria eta L kategoriako bideo onenari saria). Horrez gain, epaimahaiak laugarren saria, epaimahaiaren sari berezia, emango dio hiru bideo irabazleen artean lan onena dela uste duenari.

Epaimahaiak edozein sari eman gabe utzi ahal izango du, baldin eta irizten badu aurkeztutako bideoek eskatutako ezaugarriak betetzen ez dituztela edo kalitate edo zehaztasun nahikoa ez dutela.

Zeintzuk dira sariak?

S, M edo L kategoriako irabazleek bakarka egin badute lana:

  • Robot bat egiteko kit osoa jasoko dute eta larunbateko Naukas Bilbao 2022ko larunbateko saiora joateko bidaia eta hotel-egonaldia irabazlearentzat eta bi heldurentzat (ikaslearen guraso edo irakasleak).

S, M edo L kategoria irabazleek taldeka egin badute lana:

  • Naukas Bilbao 2022ko larunbateko saiora joateko bidaia zein hotel-egonaldia taldeko kide guztientzat eta lau heldurentzat (taldekideen guraso edo irakasleak).

Epaimahaiaren Sari Berezia bideorik onenari:

  • Genevako CERN laborategira bisita gehienez lau pertsonarentzat. Horien artean, hala badagokio, ikasleei lehiaketara aurkezteko aholkua eman dien irakaslea izango da.

Noiz izango da sari banaketa?

2022ko irailean izango da sari banaketa eta Epaimahaiaren sari bereziaren berri emango da, Naukas Bilbao 2022 ekitaldian.

Zalantzarik izanez gero, nori galdetu?

Zalantzarik izanez gero, idatzi mezu elektroniko bat helbide elektroniko honetara: cienciaclip@gmail.com

Zer tratamendu jasotzen dute lehiaketako inskripzioan ematen diren datuek?

Abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren arabera, inskripzioetan jasotako datu pertsonal guztiak “Parte-hartzaileak” fitxategian jasoko dira. Fitxategi honen helburua aurkeztutako lanak kudeatzea da, bai eta lehiaketako parte-hartzaileekin komunikatzeko datuak biltzea ere. Datuak ez dira inoiz marketin-enpresa, bestelako partikularren edo gainerako entitateen eskuetan utziko hauek manipulatzeko. Lehiaketan eta haren kudeaketa arloetan erabiliko dira bakarrik.