Ciencia Clip lehiaketaren 3. edizioa martxan!

Otsailaren 15ean zabaltzen da Ciencia Clip-en hirugarren edizioan izena emateko epea, bigarren hezkuntzako, batxilergoko eta lanbide heziketako ikasleei zuzendutako zientziari buruzko bideoen lehiaketa. Lehiaketaren helburu nagusia, EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatua, gazteenen artean zientzia eta teknologiarekiko jakin-mina sustatzea da.

Lehiaketaren parte hartzaileek izango duten erronka zientzia arloko kontzeptu bat modu ulerkor eta atseginean azaltzea da 3 eta 5 minutu bitarteko klip batean. Ikasleak izango dira haren protagonista eta eurek diseinatu eta ekoiztu beharko dute pieza.

Hauek dira lehiaketaren sariak: munduko fisikako laborategirik handienerako bisitaldia, Genevako CERN (Suitza), Erle Spider robot-dron bat eraiki eta erabiltzeko kit osoa, eta hurrengo irailean Euskalduna Jauregian izango den Naukas Bilbao 2018ko azokarako bidaia eta hoteleko egonaldia.

Bizkaiko Foru Aldundiak babestutako ekimenak Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioaren (FECYT), Euskampus Fundazioaren, Big Van bakarrizketa zientifikoen egileen taldearen, Naukas dibulgazio zientifikoko plataformaren eta Scenio komunitatearen laguntza du.

Oinarriak

Aurreko urteetan bezala, lehiaketa hiru kategoriatan banatzen da: DBHko 1. eta 2. mailetako ikasleentzat, beste bat DBH 3. eta 4. mailakoentzat eta LHko oinarrizko ziklokoentzat, eta azkena Batxilergo eta LHko erdiko zikloentzat.

Gaia librea da eta ‘youtuber’ estiloko bideoak edo animazio-piezak aurkeztu ahal izango dira. Gaztelaniaz, euskaraz, katalanez, galegoz edo ingelesez egin ahal izango dira eta banaka zein gehienez hiru kidez osaturiko taldeetan parte hartu ahal izango da.

Lehiakideek euren eskura izango dituzte Ciencia Clip-en web orrian, hainbat tutorial sormen handiko proposamenak egiteko ideia, aholku eta iradokizunekin.

Pieza grabatu eta editatutakoan, parte-hartzaileek YouTube edo Vimeo bideo-plataformetan argitaratu beharko dute, eta lehiaketan izena eman ekitaldiaren webgunean. Lanak onartuak izateko, deialdiaren oinarriak bete behar dituzte, lehiaketaren web orrian ikusi ahal izango dira eta egileek euren gurasoen edo legezko tutoreen baimen zehatza izan beharko dute.

Izena emateko eta parte hartzeko epea otsailaren 15etik apirilaren 15era izango da. Jarraian, bideoak hautatu eta Ciencia Clip webgunean argitaratzeko epea irekiko da (apirilaren 16 eta 17 bitartean). Jendartearen bozketa maiatzaren 18 eta ekainaren 17 bitartean izango da eta, aldiz, epaimahaiaren balorazioa ekainaren 18tik uztailaren 18ra egingo da.

Irabazleen izenak uztailaren 19an emango dira ezagutzera, eta sariak Naukas Bilbao 2018an emango dira, Espainiako dibulgazio zientifikoko ekitaldi handiena, hain zuzen ere, Euskalduna Jauregian, irailaren 15 eta 16an. Ekitaldi berean emango da ezagutzera epaimahaiaren sari bereziaren irabazlea.

0 replies

Leave a Reply

Want to join the discussion?
Feel free to contribute!

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *